Eibarko Udalak eta BIC Gipuzkoa erakundeak Toribio Echevarria Sarien aurtengo edizioa aurkeztu dute. Duela 31 urtetik banatzen diren sari horiek erreferentzia bihurtu dira Euskadiko ekimen berritzailearen arloan, batik bat arlo zientifikoko edo teknologikoko ekintzailetza-ekimenak hautatzen eta bultzatzen dituzten heinean. Irabazleek, sari bakoitzaren diru kopuruaz gain, laguntza, finantzaketa, aholkularitza, mentoring eta prestakuntzako programak baliatu ahal izango dituzte.
Aurten sariak ohiko egutegira itzuliko dira, COVID-19aren pandemiagatik eta osasun-krisiaren baldintzengatik 2020an aldatu ostean. Hautagaitzak aurkezteko epea datorren ekainaren 22an amaitzen da.
Aurreko urteetan sariak bi kategoriatan banatu dira, “Enpresa-asmoak” eta “Enpresa berria”. Sari horietako bakoitzak 10.500 euroko babes ekonomikoa du, eta laguntza, prestakuntza eta aholkularitzako programak baliatzeko aukera ematen du. Era berean, beste sari batzuk ematen zaizkie ekintzailetza-ekimenei, horien garapen teknologikoa edo nazioartekotze-prozesua babesteko.
Sari horiekin batera, eutsi egiten zaie joan den urtean Eibarko Udalak sortutako bi sari bereziei, “Eibarko enpresa” eta “Espezializazio estrategikoa” sariei. Bi sari horien bidez hiriko berrikuntza eta ekintzailetza berritzaile eta teknologikoaren alde egindako apustua indartuko da. Izatez, bi sari horiek Eibarren jatorria duten edo bertan kokatzeko konpromisoa duten enpresei zuzentzen zaizkie, zehazki merkatuarentzat balio argia dutenei eta inbertsioak egiteko eta enplegua sortzeko ahalmen handia dutenei. Bi sari horietako bakoitzak 10.500 euroko laguntza du eta BIC Gipuzkoaren prestakuntza espezializaturako zenbait programa baliatzeko aukera.
ENPRESA ASMOAK
Nori zuzendua
Banaka zein taldeetan enpresa-ekimen berriak aurkezten dituztenei zuzendua, batez ere zientzia-teknologia arloan.
Sariak
- Eibarko Udala: 10.500€
- Euskadiko Bic-ak: bere laguntza-programetarako sarbidea.
- APD-ko jardunaldi eta mintegietara urtebeteko atxikipena.
- Gipuzkoako Bazkundea: 2021ko prestakuntza ekintzetarako sarbidea.
- Elkargi: aholkularitza espezializatua eta Finantzaketa-Plana diseinatzen laguntzea eta prestakuntza-ekintzarako sarbidea.
ENPRESA BERRIA
Nori zuzendua
Ezagutza edo/eta zientzia-teknologia arloetan intentsiboak diren enpresei zuzendua, Sariaren babesa beren jarduera sendotu/ondu behar dutenei.
Berrikuntzan oinarrituriko produktu edo prozesu berri bat sortzeko prozesuan dauden enpresak.
Sariak
- Eibarko Udala: 10.500€
- Euskadiko Bic-ak: bere laguntza-programetarako sarbidea.
- APD-ko jardunaldi eta mintegietara urtebeteko atxikipena.
- Gipuzkoako Bazkundea: 2021ko prestakuntza ekintzetarako sarbidea.
- Elkargi: Negozioaren plan finantziero-ekonomikoari buruzko aholkularitza
- ADEGI, CEBEK edo SEA: 2021ko zerbitzu ezberdinetarako sarbidea.
- Nazioartekotzeari Babesa Basque Trade & Investment: Merkatuaren prospekzioa eta/edo merkataritza, industria edo teknologiako bazkide potentzialen bilaketa egitea.
EIBARKO UDALAREN SARI
BEREZIAK
Nori zuzendua
Kalitate – berrikuntza maila, merkaturako balio argia duen proposamena, talde ekintzailearen konpromisoa eta inbertitzeko eta enplegua sortzeko potentziala duten ekimenak.
Eibarko Udalak zehaztutako eta lagundutako espezializazio estrategikoko arloetako batean: manufaktura aurreratua -bereziki mikroprezizio eta robotikaren mekanika-, Energian eta Kirolean jarduera duten ekimenak.
Eibarko Enpresa
- Eibarko Udala: 10.500€
- Bic Gipuzkoaren bidez, ekintzaileentzako eta enpresa berrientzako prestakuntza espezializatua eskuratzea.
Espezializazio estrategikoa
- Eibarko Udala: 10.500€
- Bic Gipuzkoaren bidez, ekintzaileentzako eta enpresa berrientzako prestakuntza espezializatua eskuratzea.
Informazio gehiago: https://www.toribioechevarria.com/eu/aurkezpena-oinarriak/